Zarauzko herriaren historia laburra
Zarautzek iraganaldi erromatarra du; Santa Maria la Real aztarnategian egindako aurkikuntza arkeologikoek agerian uzten dute Zarautz etengabe populaturik egon zela K.o. I. eta V. mendeen artean. Zarautz jaio aurretiko kokaleku hura V. mendean hustu zen, seguruenik erromatar inperioa erori zelako eta ondorioz merkataritza-bideak desagertu zirelako. Zarautzen ezarritako kokalekua erromatar historialari klasikoek aipatu ohi zuten Menosca hura izan liteke. Lurralde hark Kantauri Itsasoko hainbat porturekin harremanak zituen kabotaje bidezko itsas merkataritza zela bide. Menosca (Zarautz) gune garrantzitsua zen orduan, Santa Maria la Realeko aurkikuntzek erakusten duten moduan.

Aurkitutako aztarna arkeologikoek ez dute Zarautzen V. eta IX. mendeen artean gertatu zenari buruzko argibiderik ematen. Hain zuzen ere, garai horri aldi iluna deritzo, iluna Zarauzko historian eta baita, oro har, Europakoan ere.

IX. mendetik gaurdaino, ingurua etengabe populaturik egon da, Santa Maria la Real aztarnategian aurkitutako aztarnek agertzen dutenez. Aurkikuntzek nekropoli bat azaleratu zuten tenplu bati lotua; historian zehar, tenplua handituz joan da, gaur egungo Santa Maria la Real Parroki Eliza moldatzeraino. Fernando III.ak Zarauzko hiribilduari emandako hiri-gutuna 1237koa da.

Mendeetan zehar mantendutako itsas tradizio gotorraren mugarri dira baleen ehiza, ontzigintzaren industria garrantzitsua edota hainbat herritar itzaltsuk itsas merkataritzan jokatu zuten rol nabarmena; XVI-XVII. mendeetan, ordea, tradizio hura ahulduz joan zen. Handik aurrera, Europako egoera politikoan jazotako hainbat gertakariren ondorioz, Zarauzko itsas ekonomia gainbehera etorri zen. Herriak kolpe latza jasan zuen, eta orduz geroztik nekazaritza izango zen bertako ekonomiaren ardatz nagusia.

XIX. mendearen erdialdera, Espainiako monarkiak Zarautz deskubritu zuen udaldirako aparteko paraje moduan: klima atsegina eta itsasoko bainuak dira herriaren xarma nagusiak. Tradizio turistikoak indarra hartu zuen Isabel II.a erreginaren udako egonaldiei esker, eta XIX. mendearen bigarren erdialdetik aurrera behin betiko bermatu zen espainiar burgesiaren gune turistiko gisa. Zarauzko herri txikiak turista berrien premietara egokitu beharko du, eta haiek beren jauregitxoak jasoko dituzte hondartzako dunetan, hainbeste maite dituzten itsasoko bainuak hartzeko gertu.

XX. mendearen erdialdetik aurrera, espainiar gizartean ezari-ezarian ematen ari diren aldaketen eraginez, Zarautzera hurbiltzen diren turisten tipologia ere aldatu egingo da. Jauregitxoen ordez hirigintza moderno eta gaurkoagoa nagusituko da, eta egun Zarauzko eitearen bereizgarri diren etxebizitza-blokeak ernatuko dira.

Gaur egun, Zarautz herri eder eta modernoa da, kalitatezko zerbitzuak eskaintzen dituena. Hogei mila biztanletik gora ditu, eta urte osoan zehar adeitsu hartzen ditu bertaratzen diren bisitari eta turistak. Jarduera ekonomiko nagusia hirugarren sektorea da, eta herritarren %90 euskaraduna da. Zarautz gune paregabea da euskal kultura ezagutu nahi duen edonorentzat. Bertako kultur agenda oparoaren erakusgarri, Zarautz artista, intelektual, politikari, kirolari nahiz telebistako izar ugariren bizilekua da: Karlos Argui?ano, Javier Clemente, JB Toshack, Andoni Ega?a, Karlos Garaikoetxea, Arnaldo Otegi, Jorge Oteiza, Ricardo Macarr?n, Jose Angel Iribar, Francisco Escudero...
Zarauzko Arte eta Historia Museoa - Elizaurre 1, 20800 Zarautz (Gipuzkoa) - 943 835281 - www.menosca.com - info@menosca.com