2003. urteaz geroztik, Zarautzekin lotura estua duen artearen zabalkunde-lana egiten ari da museoa, Hi bai artista! egitasmoaren bitartez. Artistek beren lantegietako ateak zabaltzen dizkiete ikusleei, haien begiradapean burutzen dute lana eta haien galderei erantzuten diete. Bestalde, aldez edo moldez Zarautzekin lotura duten sortzaileen filosofia eta artelanei buruzko ikerketa bultzatu da egitasmo beraren baitan, horren inguruko dokumentalak onduz.

Hi bai artista! ekimenerako aukeratutako lehen pertsona Angel Uranga pintorea izan zen. Museoaren alderdi artistikoa indartzeko asmoz, proposamenaren xedea artista orok bizi duen sorkuntza-prozesua herritarrengana hurbiltzea da. Hortaz, pertsona orok izan zuen Angel Urangaren sorkuntza-lana bertatik bertara ezagutzeko aukera. Margolana osatu ahala, Urangak urratsak azaltzen zituen, eta baita jendearen galderei erantzun ere. Artistaren eta ikuslearen arteko hartu-eman emankorra sortu zen horrela, hurbiltze-prozesu aberasgarria. Urangak berak gerora azaldu duenez, esperientzia oso interesgarria da, sortzailea eta hartzailea aurrez aurre jartzen dituelako sorkuntzaren unean bertan. Askotan artisten lanekin bat egiteko dauden ulermen-arazoak saihesteko ariketa didaktikoa da, azken finean. Urangaren aburuz, bere lanarekin komunikatu nahi izan duena ikusleari azaltzeko gai izan behar du artistak, eta, ahalegin horretan, ekimen paregabetzat jo du Hi bai artista!.

Zarauzko Arte eta Historia Museoa - Elizaurre 1, 20800 Zarautz (Gipuzkoa) - 943 835281 - www.menosca.com - info@menosca.com