Zarautz zure oroimenean
Zarautz, denboraren begirada
Erlojuaren 100.urteurrena aprobetxatuz, Zarautzen izandako aldaketak aztertzeko lanketa egin zuen Zarauzko Arte eta Historia museoak. Jendeak gordetzen zituen oroitzapenak bildu eta partekatzeko hainbat ekintza aurrera eraman zituen “Zarautz zure oroimenean” izenburupean. Ekintza horien artean, “Zarautz: Denboraren begirada” bideo dokumental hau dago. Herritarrekin buruturiko hainbat solasaldi ere badaude, Zarauzko lan-mundua, kirola edo aristokrazia bezalako gaien inguruko ezagutza areagotzen lagundu dutenak.
Zarauzko pertsonaia esanguratsuak
Inazio Eizmendi Manterola “Basarri”
1913an jaio zen, Errezilen. Sei edo zazpi urte zituela, Zarautzera etorri zen familiarekin, eta ``Azken Portu” taberna ezagunaren ardura hartu zuten. Bertan sortzen ziren bertso-erronken lehenengo entzulea izan zen Basarri. 1935ean, lehenengo Bertsolari Eguna ospatu zen Donostian, eta bera izan zen irabazle, 23 urterekin. Ondorioz, Euskal Herri mailan, bera izan zen lehenengo txapelduna. Bertsolaritza tabernatik plazara atera eta euskal kulturaren erakusgarri egin zuen. 1999an hil zen, Donostian.
Maria Eizagirre Lopetegi
1886. urtean Zarautzen jaio zen. Maria Etxetxiki izenez da ezaguna, Iñurritzako Etxetxiki baserriko Antonio Maria Leundarekin ezkondu zelako. Inongo ikasketarik ez bazuen ere, emaginaren lanak burutzen zituen herrian, eta zarauztarrek beregana jotzen zuten umeren batek jaio behar zuenean. 1975ean Zarautzen zendu zen.
Mathilde Van Eys
Zarautzera etorritako Willen J. van Eys hizkuntzalari holandarraren emaztea zen. Willen van Eys-ek ahalegina handia egin zuen euskararen ikerkuntzan. 1866 urtean Zarautza etorri zen emaztearekin 1868ra arte. Garai hartan, Zarauzko Gregorio Arrue maisua izan zuen lagun eta euskara-irakasle. Mathildek, berriz, bidaiaren ondoren, “Souvenirs d’un voyage dans le pays basque” idatzi zuen, egonaldiaren gorabeherak kontatzeko. Idatzi horretan, garai hartako Zarauzko bizimodua agertzen du: itsasbainuak (Isabel IIa), erlijio-zeremoniak, zezen-festak, folklorea, gastronomia, e.a.
Angel Illarramendi Larrañaga
1958an Zarautzen jaio zen. Francisco Escudero (1912-2002) euskal musikagile handia izan zuen irakasle. Euskal musikagiletzat hartzen bada ere, zinemagintzan eta antzerkigintzan ere askotan ibili da lanean. Lan garrantzitsuenak honakoak ditu: Musikagintzan: Lehenengo sinfonia, Zelai
urdin (1984), Bigarren sinfonia (1986), Hirugarren sinfonia Harri zuria (1988), Laugarren sinfonia (1993) Bosgarren sinfonia (1996), Seigarren sinfonia (1998), Zazpigarren sinfonia (2007). Zinemagintzan: La buena nueva (2008), El hijo de la novia (2001), Karramarro Uhartea (2000), Yoyes (2000), El último viaje de Robert Rylands (1996), 27 ordu (1986), Tasio (1984).
Francisco Escudero
Musikari eta euskal konpositore handi hau 1912an jaio zen, Donostian. Oso gaztea zela, Zarautzera etorri zen bizitzera familiarekin. Ikasketak Donostiako kontserbatorioan eta musika-akademian hasi zituen, eta Madrilen eta Parisen ikasketak osatzeko aukera izan zuen. Gerra zibilaren garaian, erbesteratu egin zen, baina behin giroa lasaituta, musikagintzan jarraitu zuen Donostiako kontserbatorioko zuzendari, 1962tik 1982ra. Bere ibilbidean, obra asko sortu zituen, koral sinfonikoak eta operak, besteak beste. 2002an Zarautzen zendu zen.
Imanol Urbieta
Euskal musikari eta idazlea 1934an jaio zen, Zarautzen. Teologian lizentziatua izateaz gain, Gasteiz, Donostia, Burdeos, Budapest eta Estrasburgon musika-ikasketak burutu zituen. Haurrentzako musika egin zuen, batez ere. Besteak beste, “Txoria nintzela” edota “John Brown” abestien sortzailea da. 1964 eta 1978 artean, Joxe Antonio Azpeitiarekin batera, Euskalzaleak taldearen partaide izan zen. Elkarte horren helburua haurrek euskara erabiltzea zen. Horrez gain, Zarauzko haurren Euskal Jaiak ere bultzatu zituzten. 2016an hil zen, Zarautzen.
Inaxi Etxabe
1933. urtean Oikian jaio eta, 23 urte zituela, Zarautzera etorri zen bizitzera. Bertsolaria dugu. ogeita bi urterekin abestu zuen lehenengo aldiz Zarautzen, eta Basarri entzuleen artean zegoen.
Hurrengo egunean, Basarrik La voz de España egunkarian Etxabe goraipatu zuen. Ordutik aurrera alde batera eta bestera joateko deitzen zioten. Etxabek beti bertsoak izan ditu gogoan, nahiz eta
baratzean edota sukaldean lanean aritu. Hala, bertso berriak sortutakoan, horiek paperean jasotzeko ohitura izan du.
Cristina de Arteaga
Zarauzko Santillana izeneko jauregian jaio zen. Joaquín de Arteagaren (Santillanako markesa) eta Isabel Felgueraren (Santiagoko kondesa) laugarren alaba izan zen. Gaztaroa Zarautz eta Madril artean pasa zuen. Bere garaiko Espainiako emakumeen artean, batxilerra egin zuen lehenengoetarikoa izan zen, kalifikazio altuenarekin, hain zuzen ere. Unibertsitatean, Historiako ikasketak burutu zituen eta sari bereziarekin amaitu. Espainian, tesi doktorala defendatzen lehengo emakumea izan zen. Sembrad izeneko poema liburua idatzi zuen. 1926. urtean, Solesmen beneditarren abadian sartu zen, baina gaixotasun psikiko bat zela eta, hospitalizatu egin zuten. Behin osatu eta gero, Jerusalem eta Erromara joan zen, eta Jeronima lekaimeak ezagutu zituenean, ordena horretan sartu zen. Gerra Zibilaren garaian, Miarritzen egon zen. Ondoren, Sevillara joan, eta bertako Santa Paula monasterioko buru izan zen, hil arte. JeronimasOrdenako berritzailea izan zen.
María Bárbara Aranguren
Musika-irakasle gogoangarria. 72 urtez aritu zen irakasle moduan, bizitza osoa, alegia. Besteak beste, Angel Illarramendi musikagile handiaren solfeo eta piano irakaslea izan zen. Illarramendik honako hitzekin gogoratzen du bere irakasle kutuna: polita, dotorea, jenio bizikoa, kontserbadorea eta bizia. Izan ere, irakasle zorrotza izateaz gain, detailezalea eta zehatza zen.
Maria Etxabe Oliden
1903. urtean jaio zen Zarautzen. Idazlea izan zen, eta hain zuzen ere, Donostiako Koldo Mitxelena liburutegiko artxiboetan daude berak idatzitako hainbat idazki. Bere lan ezagunena Itziarren ama izan zen. 1993an Zarautzen zendu zen.
Pascual Madoz Ibáñez
1806an Iruñan jaio zen. Zarauzko lehen udatiarra dela esan genezake, 1846-1870 urte bitartean etorri baitzen Zarautzera. Herriko modernizazioa eta industrializazioa bultzatu zituen, eta baita
udaldien zabalkundea ere. Zarauzko lehenengo fabrika berak sortu zuen, eta 170 langile izatera iritsi zen. Ogasun-ministro izan zen, eta baita Bartzelonako gobernadore ere. Bertako hiri-garapenean eragin handia izan zuen. Kultura handiko gizon honek “Diccionario geográfico-estadístico-histórico de España y sus posesiones de Ultramar” izenekoa sortu zuen, 1850ean (Diccionario de MadozedoMadoz izenarekin ezagutzen da). 1870ean zendu zen, Genovan.
Roke Etxabe
Zarauztar marinela. 1878an, Zarautzen,modu tradizionalean (txalupaz eta arpoi hutsez) harrapatu zen azken baleari arpoia sartu zion lehenengoa izan zen. Berari zor dizkiogu, halaber, bale honi buruzko bertsoak, Zarautzen oso ezagunak direnak:
Milla zortzireun da
Setetan y otxuan
Zarautz´tik txalupa bat
Baletara juan;
Anton getariarra
Lagun artu zuan
Gizon balientia
Ori zalakuan,
Obe zuan Kaperok
Ikusi ez bazuan.
Salbatore Mitxelena
1919an Zarautzen jaio zen. Jarduera anitzetan aritu zen: olerkian, literaturan, antzerkian eta baita entseguan ere. Gazterik hasi zen euskal alorrean lan egiten, eta, egun, euskal olerkari gorenetakoa dugu. Fraide-ikasketak Arantzazun egin zituen. Ama istripu batean hil zitzaion, eta gertaera horrek asko eragin zion bizitza osoan. Gerra aurretik, filosofia-ikasketak hasi zituen, eta, Espainiako Gerra Zibilaren amaitu zenean, Olitera joan zen ikasketak bukatzera. Ondoren, 1943. urtean, apaiz egin zen. Mitxelenaren ezinegon-izaerak batetik bestera ibiltzera bultzatu zuen: Burgosera lehenik, Donostiara ondoren eta Ameriketara azkenik. Euskal Herrira itzuli ondoren, Suitzara bidaiatu zuen, eta bertan hil zen 1965. urtean.
Jose Maria Agirre Egaña “Lizardi”
Zarautzen jaio zen 1896. urtean. Bere familiarekin Tolosara joan zen bizitzera, eta zuzenbide ikasketak burutu zituen Madrilgo Unibertsitatean, 1917. urtean. Ikasten ari zela, ia guztiz ahaztuta zuen euskararenganako zaletasuna piztu eta hizkuntza ikasteari ekin zion. Hortik aurrera, euskaraz idazten hasi zen, eta ia bizi osoa poesiari eskaini zion. Horrenbestez, euskal olerkari eta idazle bikainenetarikoa dugu. “Euskaltzaleak” elkarteko kide izan zen, eta euskararen zein euskal kulturaren alde lan asko egin zuen. 1933. urtean zendu zen, Tolosan.
Mariana de Zarauz
Mariana de Zarauz-ek Santa Klara Komentua sortu zuen XVII. mendean. Izan ere, Mariana alarguna zen eta bere bi alabekin batera moja sartzea erabaki zuen. Beraz, moja klaratarrak izateko, Burgosko Lerma komentuan laguntza eskatu zuten, bizitza berriaren nondik norakoak ezagutzeko. Oso aberatsak ziren, eta baserri, lur eta gainerakoak eman eta Santa Klara Komentua eraikitzea erabaki zuten. Eraiki bitartean, ordea, Narros jauregian bizi izan ziren moja klaratarrekin batera. Komentua 1625ean amaitu zuten.